2007/06/09

ADIORIK EZ, GERO ARTE BAIZIK!

Momentuz, gero arte esateko ordua ailegatu zait.
Aitortu behar dut ikasturte hasieran blog bat zer zen ez nekiela, zerbait entzunda baneukan baina ez nekien zer zen, zehatz-mehatz. Blogga egiteaz gain, gauza asko ikasi ditugu, Firefox-ekin nabigatu, bilatzaile berri asko, software libreko programa batzuk, dokumentuak egile batzuen artean ekoiztu...
Ez galdu aukera nire ikaskideek egindako lanekin gozatzeko! Besterik gabe, espero dut hona ailegatu zaretenoi baliagarria izana eta GERO ARTE!

TELEBISTAN OASIS BAT

El Inconformista Digital egunkarian Emilio Sales Almazanen artikulu bat irakurri ahal dugu Errepublika garaiko eskolei buruz.
Artikuluan idazleak telebistan emandako saio bat ("Cronicas") laburtu digu. Beste partaiden artean Salamankako irakaslea den Francisco de Luis, Hezkuntzaren Historian katedratikoa den Antonio Molero eta Valentziako Unibertsitateko irakaslea Juan Manuel Hernández Soria adituek garai horretako eskola, eta gero, frankismo garaian jasandako errepresioa azaldu zituzten.
Noizean behin bada ere, telebistan oasis bat topa dezakegu hainbeste "prentsa arrosa" eta interes gabeko debateen artean.

2007/05/31

GARBIKETA BATZORDEAK

Hezkuntzan jasandako garbiketa 1936ko uztailaren 18an, hau da, gerra hasi bezain laister, hasi bazen ere, 1936ko azaroaren 18an plazaratutako erret dekretu baten bidez itxura legala eman zitzaion.
Wikipedia entziklopedi librean "Depuración del magisterio: Comisiones depuradoras" izeneko artikuluan ondo baino hobeto azaltzen zaigu garbiketa horren prozesua, eta hori egiteko sortu ziren "garbiketa batzordeak" eta haien eginkizunak.

ERREPUBLIKA GARAIKO IKASPENAK

1931ko apirilean Errepublikak hasi zituen erreformen artean, hezkuntzakoa garratzitsuenetariko bat izan zen. Eskola laika, publikoa, derrigorrezkoa eta mistoa zen. Eskolak sortu behar ziren eta nonahi azaldu ziren, 27000 eskola sortzeko proiektua zegoen eta, bitartean edozein toki ona zen eskola bat sortzeko. Irakasleen formakuntza eta baldintzak ere hobetu ziren.
Artikulu honetan Carmen Moranek garai horretako eskolaren deskribapen bat egiten digu.

EUSKAL ESKOLA MUSEOA


Kaixo berriro,
Badakit azterketetan murgilduta gaudela eta ez dela garai ona proposamenak egiteko baina inork dena ikasita baldin badauka jakin dezan asteburu honetan, ekainaren 3an, Ondarroan, 16. Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko dela.

Jai honi buruz informazio gehiago eskuratzeko sakatu hemen.

Dena den, etxean zigortuta geratu behar direnentzat hemen daukazue Ondarroan ikusgai egongo den euskal eskola museoa erakusketari buruzko informazioa. Hor euskal eskolaren ibilbidea (errepublika garaian eta frankismoan barne) eta materiala ikusgai egongo da Kepa Pérez (Bilboko Irakasle Eskolako irakaslea) eta Pedro Olabarriaren lanari esker.

Irudia EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea)ren web orritik hartuta dago.

2007/05/29

LOLA VELASCO - ERREPUBLIKAKO MAISTRA BAT FRANKISMO GARAIAN

Lola El Saucejoko (Sevilla) maisuaren iloba zen. Argi eta garbi gogoratzen ditu Errepublika garaiko eskola eta bere metodo pedagogikoak; berak, frankismo garaian aplikatuko zituenak, hain zuzen ere.
1934. urtean Magisteritza bukatu zuen eta 1936an oposaketak egin zituen, Gerra Zibila hasi baino 7 egun lehenago; bere azterketen emaitzak hor nonbait galdu egin ziren. Lola ez zen kikildu, ordea, eta kartzelatik pasatu eta gero, azkenean maistra lanpostua lortu zuen.
Berak ez du ahaztu errepublikako eskolan ikasitakoa, ikasleei errespetua, ikasleen motibazioa eta tratu indibidualizatua, besteak beste.
Oso artikulu polita eta, aldi berean, interesgarria.

2007/05/23

EUSKAL MAISU-MAISTREN GARBIKETA

"Euskal maisu-maistren garbiketa Gerra Zibilean eta Frankismoaren hasieran" artikulu honetan Maite Ostolaza Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak ez du hezkuntzaren funtzioaz azterketa bat egin nahi baizik eta gertakari historikoa azaldu: Euskal Herriko maisu-maistren frankismopean jasan zuten "depurazioa", hain zuzen ere.

Adibide gisa, Bizkaian auzo eskoletako irakasleen %60 kargutik bota zuten. Benetan artikulu interesgarria.

2007/03/29

IRAKURTZEKO


Gogoratuko duzuenez, hasierako post batean filme bat gomendatu nizuen blogg honen gaiarekin lotuta, "Mitxeleten mingaina".

Post honetan gaiarekin topatu ditudan liburuak aipatu nahi dizkizuet.
Espero dut zuek gozatzea!

KONTROLA ETA ERREPRESIOA

Artikulu honetan Sara Ramos Zamorak gobernu frankistak Gaztela-Mantxan irakaslegoan egindako garbiketa aztertu du.
Egileak Gaztela-Mantxan izandako garbiketa beste probintzietan izandakoarekin alderantzen du. Gainera, zigor motak aztertu ditu eta generoaren arabera emaitzen ezberdintasunez mintzatzen zaigu. Bukatzeko hausnarketa egiten du eta inork gehiago jakin nahi badu, berak erabilitako bibliografia agertzen da.
Berak bere artikuluan esaten duen bezala, gero eta interes gehiago dago "garaileen" historia ez dena plazaratzeko, eta hemendik eskertzen diegu lan horretan dihardutenei.

KLANDESTINITATEAN

Klandestinitatean aritu ziren ehundik gora andereñok sei milioi euroko ordaina jasoko dute.
Gizarte Segurantzak aintzat hartuko ditu frankismoaren garaian euskara irakasten eman zituzten urteak.
Artikulu osoa

Argazkia DEIA egunkaritik hartuta dago.

ELBIRA ZIPRITIA (1906-1982)

Elbira Zipritia, Zumaian jaio zen baina donostiar petoa izan zen. Donostiako ikastolako sorreran garrantzi handiko emakumea ez ezik abertzale sutsua izan zen eta Ira ezizenez sinatzen zituen bere hitzaldiak.
Bere etxean klandestinitatean lan egin zuen maistra bezala, eta umeei irakasten zien lehenego gauza norbaitek nora zihoazen galdetuz gero gezurra kontatzea zen.

2007/03/28

TOLOSA: GERRA AURREKO IKASTOLA

"Tolosa:Gerra aurreko ikastola" izenburuko lanean Bakartxo Goikoetxea Urdanpilleta eta Izarne Drabasa Arruek Tolosako Euskal-Ikastolaren bizia aztertu dute.
Ikastolaren ibilbidea laburtu digute 1922ren hasieran jaio zenetik 1936ko guduak hil zuen arte. Gainera, ikaslegoaz, irakaslegoaz, erabiltzen zuten materialaz eta abarrez informazioa eskaini digute. Benetan lan interesgarria garai horretako hezkuntzaren egoera ezagutzeko.







MITXELETEN MINGAINA

Blog honen gaia aukeratu dudanean Manual Rivasek idatzitako "¿Que me queres, amor?" liburuan azaltzen den "A lingua das bolboretas" ("Mitxeleten mingaina") ipuina etorri zait burura. Agian ezaguna egingo zaizue 1999an Jose Luis Cuerdak zuzendutako filmagatik. Hona hemen filmaren zatitxo bat.
1936an Galiziako herri bateko irakasle baten gorabeherak azaltzen dira. Post honetan ipuin osoa gaztelaniaz edo galegoz irakurtzeko aukera duzue goiko ipuinaren izenburuan sakatzean. Goza ezazue!


2007/03/21

PIZARRAN

Zergatik weblog honen izena? Bi arrazoi izan ditut izen hau aukeratzeko:
1-. Alde batetik, irakasleak tradizionalki pizarran bere azalpenak adierazi ditu, eta blog hau nire pizarra bihurtu nahi izan dudalako.
2-. Eta bestetik, kurtso hasieran Ikastetxe Antolamendua ikasgaian azaldu zen pizarra hitzak jatorri euskalduna duela eta bitxia iruditu zitzaidalako. Antza, pizarra= Lapitz+harria da.

Bide batez, aprobetxatu nahi dut post hau pizarrei buruz zerbait gehitzeko. Hezkuntzan teknologia berrien erabilpena hainbeste bultzatzen ari den garai honetan, pizarra digitala oso tresna erabilgarria izan daiteke. Ni aurkezpen batean egon nintzen eta, egia esan, harrituta gelditu nintzen bere aplikazioekin. Sakatu eta ikasi!!




2007/03/07

NIRE BURUA AURKEZTEN


Kaixo berriro, postak idazten hasi baino lehen nire burua aurkeztuko dut. Iratxe Malatsetxebarria da nire izena eta lehen aipatu dudan bezala, Bilboko Irakasle Eskolan Haur Hezkuntzako 3. maila burutzen ari naiz. Getxon bizi naiz, nahiz eta jaiotzez Bilbokoa izan. Ingenieritza Industriala ikasita daukat eta urte batzuk lanean eman eta gero hezkuntzan lan egitea erabaki nuen. Gaur egun, institutuko irakaslea naiz eta, egia esan, oso pozik nago lanbide berriarekin. Hezkuntzan sartuta nengoela hezkuntzarekin lotura zuzena zuen zerbait ikastea faltan somatzen nuen , eta hau izan zen "abentura" honetan sartzeko arrazoia. Haur Hezkuntza bukatzen ari naiz eta asko gozatu dut nire aurreko ibilbidearekin hain desberdina den formazioa hartzean. Hemen daukazu nire helbide elektronikoa, i.malatsetxebarria@gmail.com.

2007/02/28

ONGI ETORRI

Ongi etorriak blog berri honetara. Bilboko irakasle eskolan Haur Hezkuntzako ikaslea nauzue eta 3. mailako "Hezkuntzari aplikatutako teknologia berriak" ikasgaian, blog bana sortuko dugu, beste kontu batzuen artean. Ikasgaiaren hiperloturan sakatzen baduzue, Carlos Castaño irakaslearen blogean sartuko zarete eta hor ikaskide guztien blogak ikus ditzakezue.
Nire blog honetan Errepublika garaian edota Frankismoa ezarri zutenean hezkuntza egoeraz sakondu nahi nuke. Hona ailegatu zaretenoi interesgarria eta baliagarria izatea espero dut.
Oraindik lehen pausuak ematen ari gara, baina laster postak plazaratzen hasiko gara. Laister arte!